jueves, 21 de abril de 2016

Kultur ekitaldiak San Trokaz elizan



Apirilaren 20an, gure Alkarteak antolatutako kultur ekitaldi bat egin zan san Trokaz elizan. Arte Ederretako lizentzu eta artelanen zaharberritzaile ezaguna dan Jose Mari Urquizu durangarra gonbidatu genduan hitzaldi bat emotera San Trokaz elizaren historiaz eta San Trokaz eta San Blas santuen ganean.

 San Trokaz elizako erretaula eta beste pieza batzuk barriztatu zituen taldearen zuzendari aritu zan 2001ean, eta asko daki Abadiñoko aret ondareari buruz (orain dala gutxi San Bixente ermita barriztatu dau). Horregaitik, bere hitzaldia oso atsegina eta mamitsua gertatu jakun bertan izan ginen guztioi.

 Egun horretan bertan, arratsaldean, “OIZpe Sax 5tet” musika taldeak kontzertu bat emon eban Durangoko Bartolome Ertzilla musika kontserbatorioko irakaslea dan Itziar Castrilloren zuzendaritzapean. Dotore asko jo ebezan saxofoirako pieza batzuk, erakutsiz zeinen doinu gozoa daukan tresna horrek eta zeinen egokia dan arratsalde haretan San Trokaz elizara eroan ginduen kultur asmoa betetzeko.

 Entzule guztiak pozik urten eben kontzertutik. Hemendik aurrera ere horrelako ekitaldi asko antolatzeko asmoa eta gogoa daukagu, gure Alkarteak jarraitu dagian parte hartzen Abadiñoko gizarte zibilaren bizitzan.

Aurrea doa yoga ikastaroa

Gure bazkide andrazko batzuk urteak daroez yoga ikastaroa egiten Txanportan. Ikastaroak  BBKk diruz laguntzen dau, Udalak babesten eta  San Trokaz Nagusien Elkarteak antolatzen.


Ikastaro hori ikasleentzat modu atsegin bat da gazte eta lerden egoteko, eta aukera bikaina lagunak egiteko. Eta jakin daigun zelako gauzak egiten dabiezan ikastaroan, argazki batzuk bialdu deuskuez, ezagutzera emon daiguzan. Baita ere, mundu guztia animatu gura dabe  hurrengo yoga ikastaroetan parte hartzeko.


martes, 12 de abril de 2016

Taldean aurreratu: zure Alkartearen erronka


Apirilaren 7an, eguena, Durangaldeko Nagusi Alkarteetako Zuzendaritza Batzordeei zuzendutako prestakuntza jardunaldi bat egin zan Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Goizeko hamarretatik arratsaldeko bost t’erdiak arte, parte hartzaileak alkarregaz hausnartu eta landu eben taldean lan egiteak daukan garrantzia, eta nagusi alkarteek hartu beharko leukiezan neurriak euren kide guztiei ahotsa eta aukera emoteko ekarpenak egiteko alkarteak euren helburuak hobeto bete dagiezan. 

 Jardunaldia Mankomunidadeko Nagusien Zerbitzuak antolatu eban, San Trokaz Nagusien Elkarteak lagunduta. Agur hitzak Aitor López Mankomunideko presidenteak eta Javier Crespo Abadiño Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak esan ebezan; Bolunta dinamizatzaile lanetan aritu zan, eta bere teknikari Minerva eta Natxoren lan onari eta parte hartzaile guztien borondate onari esker, jardunaldia langiro gozo eta adiskidetsu batean igaro zan. 

 Egun batzuk barru Boluntak jardunaldiko konklusinoak bananduko deutsez parte hartutako Alkarte guztiei, bakotxak bere herrian aplikatu dagiazan. Batez be, baina, egun horretan Errotan izan ziren Alkarteetako zuzendari karguak pilak ondo beteta itzuli ziren etxera, euren lanean jarraitzeko gogoz ganezka.