lunes, 23 de octubre de 2017

Hasi da foku taldeen lana Abadiño lagunkoia programa barruan

Hilaren 25ean, 17:00etan, Matienako Errota Kultur Etxean, Abadiño lagunkoia proiektuan parte hartuko dabien  foku taldeen lehen batzarra egingo da.

Gogoratuko dozuenez, Abadiño Lagunkoia da Hiri Lagunkoiak proiektuari Abadiñon emon jakon izena. 60 urtetik gorako abadiñarrek bultzatu dabe  eta udalbatzako talde guztien oneritxia hartuta dago. 

Orain, asmoa da  hainbat ikuspegitik aztertzea Abadiño eta ikustea zenbateraino dan herri lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak proposatzen dituen alderdien ikuspegitik, Abadiño ere sartu daiten etorkizunean Munduko Hiri Lagunkoien sarean, une honetan sare horretan dagozan 500dik gora hiriekin batera.

Batzarrotan parte hartzeko  behar dan gauza bakarra da gogoa izatea asti apur bat eskeintzeko foku talde horietan parte hartzeko, eta euretara batzen diren ganerako lagun guztiekin hausnartzeko zer gurako zendukean izatea Abadiño, danok bertan gustora bizi gaitezen. Batzarrera datorren guztia ongi etorria izango da. Lehenengoko batzarreko aztergaiak izango dira kaleko espazioak eta  eraikin publikoak.

lunes, 24 de julio de 2017

Abadiño lagunkoia, gauzatzen ari dan ilusinoz beteriko proiektua



Abadiñoko nagusiak proiektu bat ari gara bultzatzen  gure herria bizileku atsegina izan daiten, herri lagunkoia bihurtzeko. Aurten hainbat bider alkartu gara eta erabagi dogu hile bakotxeko azken  eguaztenean batzar bat egingo dogula proiektuaren aurrerapenak ikusteko eta hurrengo pausoak erabagiteko.

Egunokin amaitu da proiektua ezagutzera emoteko lanen azken fasea. Inkesta bat banandu dogu jakiteko zer eritxi daukien abadiñarrek  gure herriko  alderdi batzuen ganean, eta laster jakingo doguz inkestaren emaitzak. 

Bestalde, Udalak  enpresa bat kontratatu dau  irailean hasiko dogun diagnostiko fasean guri laguntzeko.

Bizkaiko Aldundiak, bere aldetik, herrietako lagunkoitasuna hobetzen ari diren Bizkaiko 17 herrien zerrendan sartu dau Abadiño. Danak dagoz sartuta *Bizkaia, lurralde lagunkoia* izeneko proiektuan. Egiten ari garen lanak aitamena izan eban  uztailaren 13an, Unai Rementeria Aldun Nagusiak  Aldundian emon eban prentsaurrekoan.

Gauzak aurrera doaz zailtasun guztiak gorabehera, eta gure Alkarteak prest dago lanean jarraitzeko ekimen hori bultzatzen, danon onerako dalakoan.

Robotikako belaunaldi arteko bigarren tailerra


Ekainaren azken astean robotikako belaunaldi arteko bigarren tailerra egin dogu gure Egoitzako lokaletan.

Igaz bezala, aitita-amamak eta bilobak alkarregaz etortea izan da tailerrean parte hartzeko baldintza bakarra. Ez da eskatu gaiaz ezer jakitea, eta materialak San Trokaz Nagusien Elkarteak ipini ditu.


Lehen saioko asmoa izan zan mugikor bat egitea kartoizko gurpil, izozki zotz eta antzeko gauzakin. Trakzinoa puzgarri baten haizeak emoten eban. 

Hurrengo ariketa izan zan Scratch izeneko umeendako programazino hizkuntza batean lehen pausoak emotea. 

Behin hizkuntza horretan  programa erraz batzuk egiten ikasi onodren, hainbat gauza egin genduzan Lego piezekin. Gero, egindako gauza horiek ordenagailura konektatu genduzan eta  mugimendu batzuk eginazo geuntsezan geuk egindako programen bidez.

Amaitzeko, beste programazino hizkuntza bat erakutsi zan, Crumble izenekoa. Beragaz gauza izan ginen robot txiki bat programetako, lurrean marraztutako marra baten ganean atzera eta aurrera ibilten zana.

Tailerra atsegina izan da danentzat, eta aste osoan lokala barre zantzoz eta algaraz beteta egon da. Horrez gain, aukera egon zan zaharrak eta gazteak alkarregaz lanean aritzeko. Datorren urtean tailerra barriro egiteko asmoa daukagu.

lunes, 12 de junio de 2017

Bisitaldia El Pobaleko burdinolara

Hilaren 7an bisita bat egin genduan  Muskizko  El Pobal burdinolara, Bizkaiko meategi gunearen bihotzean. 

Han ikusi genduan zelan garai batean burdin mea edo minerala  metal bihurtzen zan, metal horregaz gero era guztietako tresnak egiteko (goldeak, mailuak, atxurrak, pikotxak…). 

Esan euskuenez, burdinola XVI. mende hasieran egin eben Salazartarrek, Muñatones gaztelutik eskualde horretan agintzen eban leinuko jenteak. Bere urrezko aroa  XVII. mende amaieran ezagutu eban: orduan handitu zan lantegia eta egin ziren urtegia, kanala,  antapara eta ur-tunela. 

Halere, gaur egun ikusten diren instalazino asko (sutegia, ikastegiak, harrizko hauspoak, mailua eta ingudea), XIX. mende amaierakoak dira. Burdinola zabalik egon zan 1965era arte. Burdinolaren inguruan baziren beste hainbat eraikuntza: olagizonen etxebizitza, dorretxe itxurakoa hasieran, errota, ogia egiteko labea, eta ortuak eta basoak, zeinetatik ataraten eben egur-ikataza eta zura.

Bisitaldi interesgarria izan zan, eta gauza asko ikasi doguz gure historiaz eta gure arbasoen  teknologiaz, alkarregaz egoteko aukera ederra izateaz gain. Barriro be, lortu genduzan gure helburuak. Argazkiak ikusteko, klikatu hemen.

lunes, 5 de junio de 2017

San Trokaz Alkartea Onda Vascako irratsaio batean



Edurne Agirrek, Abadiñoko San Trokaz Jubilatu Elkarteko presidenteak, Jose Mari Macíasek, Zuzendari Batzordeko kideak, eta Martin Gabiria abadiñar gazteak parte hartu dabe  Onda Vasca irrati katean Kike Alonsok zuzentzen daben "Euskadi hoy. Fin de semana" irratsaioan.

Solasaldian esan dogu zelakoak garen gaur egun persona nagusiak eta zelan ikusten dabien gazteek gure emundua eta euren etorkizuna. 

Solasaldia entzuteko, egin klik esteka honetan.

martes, 4 de abril de 2017

Lehen hiruhilekoko ekintzak

Urtea badoa aurrera eta gu bagabiltz egiten Batzar Nagusian aurkeztu genduzan ekintzak.
Hona hemen lurteko lehen hiruhilekoan egin doguzan ekintzak: txokolatada bat egin genduan haratusteak ospatzeko, Leticia Pérez Alcocerrek hitzaldi bat emon euskun Marie Curieri buruz, historiako emakume zientzilari handienetako bati buruz, Bilboko Erreprodukzino Museora  joan gara, udabarriko bazkari bat egin dogu Villa de Elorrio hotelean, oroimena indartzeko ikastaro bat  daukagu martxan (hasieran bost  saiokoa izateko zan baina orain  zortzikoa izango da), hasita dagoz informatika ikastaroa  eta zine zikloa, e.a. …


Bazkide guztientzat zabalik dagozan ekintza horiek egiteaz gain, Zuzendaritza Batzordea bere lana egiten ari da ahalik eta ondoen eta parte hartzen jarraitzen dau Nagusi Alkarteen Federazinoko batzarretan (gu organo horretako beskualdeko delegatuak gara). Parte hartzen jarraitzen dogu, baita be, Talde Traktorearen  batzarretan, Bizkaiko hainbat herritan  Hiri Adiskidekorrak programa ezartzen ari dana. Baita be, laguntzen ari gara Bizkaiko  Nagusien  Kontseiluko  3. Batzordeko lanetan (nagusien irudi soziala hobetzeko Bizkaiko Foru Aldundiak  sortutako aholku organoa da hori).

Asmoa daukagu Hiri Adiskidekorren programa Abadiñon ezartzeko, eta horretarako lanean ari gara  San Prudentzio Nagusien Elkarteagaz batera.

Eta, bizitza aurrera doanez, hiruhileko honetan bazkide barriak etorri jakuz, eta, zoritxarrez, beste batzuk betiko joan dira. Azken horiek gogoan izango ditugu beti.
Laster jakingo dozue zer proiektu atara nahi doguzan aurrera urteko bigarren hiruhilekoan. 

jueves, 26 de enero de 2017

2017ko Batzar Nagusia

Urtarrilaren 22an, 11:00etan, San Trokaz Nagusien Elkartearen Batzar Nagusia egin zan. Bertara azaldu ziren 134 lagun, 82 emakume eta 32 gizonezko. Urtero lez, gugaz izan ziren alkatea eta  Gizarte Ongizateko zinegotzia. Ekitaldiko mahaian, zuzendaritza batzordeko kideen ondoan egon zan, baita ere,  parroko jauna, gure alkarteko kidea.

Danai ongi etorri esan ondoren eta urtean hildako bazkideen gomutaz berba batzuk esan eta gero, aurreko batzarreko akta irakurri zan, eta agobatez onartuta geratu zan. Presidenteak  Alkartearen igazko lan-lerro nagusiak azaldu zituen, eta idazkariak  jakinazo eban  zer egin dan 2016an eta zein lantaldetan –Nagusiak, Hiri Adiksidetsuen talde Trakorra…– parte hartu daben Zuzendaritza Batzordeak.

Jarraian, diruzainak  2016ko balantze ekonomikoa eta kontuen egoera azaldu eban, aditzera emonez  jaso barik dagozala ondinon 2017an egindako gastu batzuen fakturak, goizegi dalako ondinon eta etorteko dagozalako. Jakinazo eban, baita be, Alkarteko kontuak  iragarki taulan dagozala jarrita, nahi daben guztiak ikusteko eran, eta bai fakturak, bai kontu-liburua, ikusi nahi dituen edonoren eskura dagozala.

Jarraian, 2017ko ekitaldien egitaraua azaldu zan eta gogoratu zan ekitaldi guztiak iragarten direla kartelen bidez eta Alkarteko web orrian.

Batzarraren amaieran  ohiko opari-zozketa egin zan. Iaz hasitako ohiturari jarraituz, lehenengo eta behin zozketa berezi bat egin zan  87 urtetik gorako gure 28 bazkideentzat, eta gero ohiko zozketa  bazkide guztiekin. Batzarra burutzeko, izki gozo eta alai bat egin genduen bertaratu guztiekin.


Batzarreko argazkiak ikusi nahi badituzu, egin klik hemen.

martes, 24 de enero de 2017

Abenduko ekitaldiak

Abenduan amaiera emon geuntsan urteari San Trokaz Nagusien Elkartean hainbat ekitaldirekin: abenduaren 7an, Santo Domingo de la Calzadako   Erdi Aroko Azoka eta Santio Bideko Merkatua bisitatzera joan ginen. Aro hotza aurkitu genduen, baina gure arteko giroa beroa izan zan eta  egun ederra igaro genduan  gauza barriak ikasten, Errioxako bazterrak ezagutzen eta  bazkideen arteko harremanak sendotzen. Etxera bidean Haron geratu ginen kafe bat hartzeko.

Abenduaren 8, 9, 10 eta 11n karta-joku txapelketa bat egin genduen Egoitzan. Tutean eta briskan jokatu genduen, iaz baino bikote gehiago egon ziren eta lehia bizia egon zan danen artean. Txapelketa amaitu ondoren sariak banandu genduzan  eta, urtero lez, Gabonetako otzarak zozketatu genduzan bazkideen artean.


Abenduaren 12an, amaiera emoteko Kontsumobideko tailerretan 2016an egin dogun ikastaldia, bisitaldi bat egin genduen Gasteizko "La Brasileña" kafe lantegira. “Erosketak dendatik kanpo eta produktu miragarriak” izeneko tailerrean parte hartutako 17 bazkide joan ziren Gasteizera. Gauza asko ikasi ebezan eta  gidariak oso ondo azaldu eban kafea egiteko prozesu osoa. Urteko ekitaldiei agur esateko oso modu zaporetsua zian zan.