martes, 29 de noviembre de 2016

San Trokaz Nagusi Elkartearen XXIV. Kultur Astea

 Azaroaren 20an, domekan, eginiko anaitasun  bazkariagaz amaitu zan San Trokaz Nagusi Elkartearen XXIV. Kultur astea.

Kultur Asteko ekitaldiak astelehenean, hilaren  14an, hasi genituen, agintarien agurraren ostean maiatzean oroimenezko oparitxo bat bananduta aurreko Zuzendaritza Batzorde guztietako kide izandakoei. Ekitaldi horregaz gure eskerrona agertu nahi  izan geuntsen lagun horiei hainbeste urtean egin dabien lanagaitik, badakigu-ta eurak barik  gure  Elkartea ez zala egongo bizirik.

 Egun horretan bertan, hurrengo, Josu Novo psikologoak hitzaldi bat emon eban  izenburu honegaz: “Parte-hartzea, beharrezko ondasuna”, oso interesgarria gertatu jakena bertara azaldu ziren guztiei.

Martitzena zinemaren eguna izan zan, eta aurten  “Amama” pelikula ikusi dogu, ikusleei asko gustatu jakena eta askori akordu gozo asko ekarri eutsena.

 Eguazten arratsadez txango bat egin genduan Gasteizera, Heraclio Fournier  museoa bisitatzera eta Gasteizko alde zaharreko kaleetan pasiada atsegin bat egitera.

Eguenean  artisautzako lanen erakusketa bat  inauguratu genduan. Bertan erakutsi ziren Elkarteko kideen hainbat lan: kristal garaunekin egindako lanak, bainikak, ipingizko koltxak, burdin lanak, zur lanak, oihalak eta jantziak. Hainbeste lan eder ikusita ageri da gure elkartekideek sorkuntzarako gogo eta gaitasun handia daukiela eta, erretiratuta egon arren, ez dagozala batere geldik.

Barikuan erakusketa amaitu zan eta ondoren kontzertu bat egin zan, Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek eskainia. Txanportako  aretoan ederto aritu ziren soka eta haize tresnak, saxoa, pianoa eta txirula jole gazteak. Saioaren amaieran, andrazko abeslari liriko bi aritu ziren, entzule guztien gozamen handirako. 

Egun bete-beteak izan dira, ekitaldi interesgarri ugari, ikusle-entzule asko, eta, guztira, arrakasta garbia. Saiatuko gara datorren urtean gauzak hobeto egiten.


lunes, 7 de noviembre de 2016

Jubilazinoaren atarian. Gure alkarteak antolatutako hitzaldi barria



Azaroaren 3an, gure egitarauaren barruan hitzaldi bat antolatu genduen San Trokaz Nagusien Elkarteko lokalean. 

Aldi haretan hizlaria Ana izan zan, psikologo bat nagusiekin lan egiten dabena eta Mankomunidadeko Nagusien Zerbitzuagaz (hitzaldiaren antolatzaileagaz) aritzen dana.

Hitzaldian, Anak argibide batzuk emon euskuzan gure bizitzako sasoi barri horri (jubilazinoa) aurre egiteko orduan sortzen jakuzan  zalantza, arazo eta jarreren ganean. 

Azalpen argi eta ulerterrezak emon zituen. Hitzaldira joateko modurik izan ez zenduenok aukera dozue Anaren aurkezpena ikusteko hemen klik eginda.


sábado, 22 de octubre de 2016

Bisitaldia Zarauzko Photomuseum-era



Gure Alkarteko egitarauarekin jarraituz, oraingoan “Photomuseum” izeneko argazkilaritza historiaren museoa bisitatu dogu. 

Arratsalde baten joan ginen Zarautz herri ederrera, eta udazkeneko eguzki epel batek gozatutako aro ederrak animatu gintuen  hondartzan txango bat egitera museoa ikusteko ordua etorri arte.

Hondartzako pasialdia egin ondoren  museora hurreratu ginen  eta harritu ginen hango erakusketa eta bildumen aberastasuna  eta ugaritasuna ikusita.

Aukera bikaina izan genduen ikusteko argazkilaritzaren historia eta zinemaren hasierako urteak, han egozan  argazki kamara, tresna optiko, dagerrotipo, teknikak eta joerak deskribatzen dabiezan argazki, eta enparauen bitartez.


Eta ikusten genduen guztia hobeto ulertzeko, bisitaldi guztian gidariak izan genituen lagun, azalpen mamitsuak emoteko. Arratsalde interesgarri eta atsegina igarota itzuli ginen danok gero Abadiñora.


miércoles, 5 de octubre de 2016

Nagusien irudi soziala

Durangaldeko Nagusi Elkarteek  eta Durangoko ta  Mankomunidadeko  Gizarte Zerbitzuetako teknikariek  prestaturiko egitarauaren barruan hitzaldi bat antolatu da, Imanol Zubero, EHU-UPVko irakasleak emon dabena.


Hitzaldiaren izenburua: “Persona nagusien irudi soziala”. Oso hitzaldi atsegin eta interesgarria izan da. Zuberok geuri itxi euskun aurkezpena egiten, eta gure aurkezpena gero bere hitzaldiaren gidoitzat erabili eban. Aurkezpen hori irakurri nahi badozu, egin klik esteka honetan.


miércoles, 28 de septiembre de 2016

GURE ALKARTEKO ARTISAUEN LANEN ERAKUSKETA SAN AGUSTIN KULTUR GUNEAN

Urriaren 1ean ospatzen dan Pertsona Adinduen  Nazioarteko Egunaren barruan, hainbat Nagusi Alkartetako kideek euren artisautza lanak  erakutsiko dabez Durangoko San Agustin Kultur Gunean. 

Alkarte horietako bat izango da Abadiñoko San Trokaz Nagusien Alkartea. Erakusketa zabalik egongo da urriaren 27, 28, 29 eta 30ean, 17:00etatik 20:00etara bitartean.








martes, 20 de septiembre de 2016

Barriro be lanean

Udako etenaren ostean  gure Alkartea barriro hasi da lanean, Nagusiak alkartearen Lurralde Batzordearen batzar bat eginda. 

Batzar horretara joan ginen Batzorde honetako kideak, Nagusiak alkarteko Bizkaiko delegatu guztiak, Durangaldeko herri batzuetako agintariak eta  Mankomunidadeko presidentea.

Batzarra probalekuan egin zan, eta bertan  Nagusiak alkarteko presidenteak  azken denporan egindako lanen barri emon eban eta azaldu eban zer egiteko asmoa dagoen  urteko azken hiruhileko honetan. Bereziki azpimarratu eban  urrian BECen egiteko dan feria nagusia.

Bestalde, San Trokaz Nagusien Elkarteak gogoratu eutsen agintariei eta  bertaratu guztiei  nagusiok baditugula laster beste ospakizun handi bi: Pertsona Adinduen Nazioarteko Eguna, eta  Pertsona Adinduen Hiri Adiskideak proiektuaren inguruan  egin behar ditugun ekintzak, eskualdeko hainbat herritan antolatu nahi doguzanak.


Beraz, badirudi ez jakula aukerarik faltako  gure herriko bizitza sozialean aritzeko eta parte hartzeko.

viernes, 22 de julio de 2016

Belaunaldi arteko robotikako tailerra


Gaur amaitu dogu San Trokaz Nagusien Elkarteko beste ekintza bat. Esperientzia barri bat izan da:  aitite-amamak eta lobak alkartu gara ordenagailu, bilatzaile, led eta antzeko gailu elektronikoen inguruan, eta danok batera jarri gara ikasten tresna horiek erabilten. Asmoa izan da erakustea posible  dala denpora ondo pasatzea alkarregaz, ikasten eta olgetan. Ikastaroan parte hartzeko ez da egon zertan ezer jakin, nahikoa izan da gogoa izatea.

Lehengo eta behin, web orri batean programazino grafikoaren oinarriak ikasi doguz; gero, Scratch hizkuntza landu dogu (umeendako diseinatutako programazino hizkuntza bat), eta egun batzuk emon doguz  jolasak diseinatzen eta programatzen. Gero, gailu kontrola jorratu dogu eta krokodilo bat diseinatu digu, agoan eskua sartu ezkero haginka egiten ebana. Lego eta Scratch erabilita egin dogu hori. 

Tailerra amaitzeko, beste tresna interesgarri bat landu dogu: Crumble txartela. Beragaz argi keinukari bat egin dogu eta  motor bat kontrolatu dogu giltz bategaz. 

Tailerraren gailurra  robot bat programatzen ikastea izan da. Programatu dogu zirkuitu baten marrari jarraitu deion, eta zinta baltzez mugatutako esparru batean zarratuta geratzeko.

Egunokin hain ondo ibili gara eta hainbeste ikasi dogu ze saiatuko gara gauza bera egiten datorren urtean.

lunes, 18 de julio de 2016

Badator uda San Trokaz Nagusien Alkartera

Urtero lez, etorri da udako eguraldi beroa. Sasoi honetan Alkarteko kide askori etorten jake  lobak zaindu beharra, baina baita be ondo irabazitako atsedenaldia hartzea. 
Gure bazkide batzuek  bidaia bat egin dabe Herbeheretara, Mankomunidadearen Nagusiendako zerbitzuak antolatuta, eta, esan deuskuenez, oso ondo ibili dira.

Gure Alkarteak pare bat ekitaldi antolatu ditu: batetik, animazinoko pelikula bat  emon da Txanportan, aitite-amamak lobekin batera ikusteko. Wall-E izeneko pelikula emon zan eta  nahikoa jente agertu zan emonaldira, eguraldi onak beste gauza batzuk egiteko gogoa emoten baeban be.


Bestetik, uztailean  informatikako tailera bat egin dogu, baldintza bakar bategaz: aitita-amamak euren lobekin batera etorri behar dira. Ikastaroa amaitzen danean esango dogu  gehiago ikastaro horren ganean. Bien bitartean, udako egunok ondo aprobetxatuko doguz  atsedeteko eta  ekitaldi barriak prestatzeko irailetik aurrerako.


lunes, 20 de junio de 2016

Alkartearen Zuzendaritza Batzordeei omenaldia


Ekainaren 19an gure Alkartearen Zuzendaritza Batzordea alkartu egin zan Batzorde horretako kide izaniko lagun guztiekin, eskerrak emoteko egin dabien lanagaitik. 

Eskerronezko ekitaldi horretan  argazki bat egin genduen  danok alkarregaz,  eta izki bat jan genduen Alkarteko egoitzan. Batzuk ezin izan eben etorri, osasun arazoekaitik edo bestelako arazo batzuekaitik, baina dan-danak izan genituen gogoan. 

Bihotzetik emoten deutseguz danai gure esker beroenak bakotxak bere egunean egin eban lanagaitik, badakigu-eta euren lanagaitik izan ez balitz gaur ez gendukela izango San Trokaz Nagusien Alkarterik.


jueves, 9 de junio de 2016

Bermeoko txangoaren argazkiak



Manu Santamaríak, gure elkarteko kide bat, Bermeorako txangoaren  argazkiak bidali dizkigu. Argazki horiek ikusteko egizu klik hemen.

martes, 7 de junio de 2016

Geure burua aurkeztu deutsegu bazkide barriei



Ekainaren 2an  batzar bat egin genduen  San Trokaz Nagusien Elkarteko bazkide barriekin.

Batzar horretan gure Alkarteko Estatutuen kopia bana emon geuntsen eta argitu geuntsen zer lan egiten dogun eta  zelako laguntzak eta baliabideak daukaguzan  gure ekintzak egiteko.


Azkenik, lokalak erakutsi geuntsezan, esanez euren eskura dagozala  behar dabiezan guztietan. Egun haretan esan geuntsen guztiaren laburpena bideo honetan daukazue:



jueves, 21 de abril de 2016

Kultur ekitaldiak San Trokaz elizan



Apirilaren 20an, gure Alkarteak antolatutako kultur ekitaldi bat egin zan san Trokaz elizan. Arte Ederretako lizentzu eta artelanen zaharberritzaile ezaguna dan Jose Mari Urquizu durangarra gonbidatu genduan hitzaldi bat emotera San Trokaz elizaren historiaz eta San Trokaz eta San Blas santuen ganean.

 San Trokaz elizako erretaula eta beste pieza batzuk barriztatu zituen taldearen zuzendari aritu zan 2001ean, eta asko daki Abadiñoko aret ondareari buruz (orain dala gutxi San Bixente ermita barriztatu dau). Horregaitik, bere hitzaldia oso atsegina eta mamitsua gertatu jakun bertan izan ginen guztioi.

 Egun horretan bertan, arratsaldean, “OIZpe Sax 5tet” musika taldeak kontzertu bat emon eban Durangoko Bartolome Ertzilla musika kontserbatorioko irakaslea dan Itziar Castrilloren zuzendaritzapean. Dotore asko jo ebezan saxofoirako pieza batzuk, erakutsiz zeinen doinu gozoa daukan tresna horrek eta zeinen egokia dan arratsalde haretan San Trokaz elizara eroan ginduen kultur asmoa betetzeko.

 Entzule guztiak pozik urten eben kontzertutik. Hemendik aurrera ere horrelako ekitaldi asko antolatzeko asmoa eta gogoa daukagu, gure Alkarteak jarraitu dagian parte hartzen Abadiñoko gizarte zibilaren bizitzan.

Aurrea doa yoga ikastaroa

Gure bazkide andrazko batzuk urteak daroez yoga ikastaroa egiten Txanportan. Ikastaroak  BBKk diruz laguntzen dau, Udalak babesten eta  San Trokaz Nagusien Elkarteak antolatzen.


Ikastaro hori ikasleentzat modu atsegin bat da gazte eta lerden egoteko, eta aukera bikaina lagunak egiteko. Eta jakin daigun zelako gauzak egiten dabiezan ikastaroan, argazki batzuk bialdu deuskuez, ezagutzera emon daiguzan. Baita ere, mundu guztia animatu gura dabe  hurrengo yoga ikastaroetan parte hartzeko.


martes, 12 de abril de 2016

Taldean aurreratu: zure Alkartearen erronka


Apirilaren 7an, eguena, Durangaldeko Nagusi Alkarteetako Zuzendaritza Batzordeei zuzendutako prestakuntza jardunaldi bat egin zan Abadiñoko Errota Kultur Etxean. Goizeko hamarretatik arratsaldeko bost t’erdiak arte, parte hartzaileak alkarregaz hausnartu eta landu eben taldean lan egiteak daukan garrantzia, eta nagusi alkarteek hartu beharko leukiezan neurriak euren kide guztiei ahotsa eta aukera emoteko ekarpenak egiteko alkarteak euren helburuak hobeto bete dagiezan. 

 Jardunaldia Mankomunidadeko Nagusien Zerbitzuak antolatu eban, San Trokaz Nagusien Elkarteak lagunduta. Agur hitzak Aitor López Mankomunideko presidenteak eta Javier Crespo Abadiño Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak esan ebezan; Bolunta dinamizatzaile lanetan aritu zan, eta bere teknikari Minerva eta Natxoren lan onari eta parte hartzaile guztien borondate onari esker, jardunaldia langiro gozo eta adiskidetsu batean igaro zan. 

 Egun batzuk barru Boluntak jardunaldiko konklusinoak bananduko deutsez parte hartutako Alkarte guztiei, bakotxak bere herrian aplikatu dagiazan. Batez be, baina, egun horretan Errotan izan ziren Alkarteetako zuzendari karguak pilak ondo beteta itzuli ziren etxera, euren lanean jarraitzeko gogoz ganezka.

jueves, 10 de marzo de 2016

San Trokaz Nagusien Elkarteak aurrera daroa 2016ko ekitaldien egitaraua

Programatuta egoan lez, zine emonaldi bi egin dira honezkero, eta txokolatada bi: bata aratusteetako martitzenean eta beste bat martiaren 8ko Emakumeen Eguna ospatzeko. 

Egun horretan lokalean aro ona egoanez, eta kanpoan ostera hotz handia, zine emonaldi bat antolatu genduan bat-batean, danentzat oso atsegina eta gustagarria gertatu zana.


Jausiak prebenitzeko eguaztenetako tailerra be aurrera doa, eta halan jarraituko dau programatutako zortzi saioak egin arte.


Informatikako eskolak be martxan dagoz, talde bitan. Zuzendaritza taldeak, bere aldetik,  bat egin dau Hiri Adiskidekorren egitarauko talde bultzatzaileagaz. Talde hori Bilbon batzartuko da Bizkaiko herriak koordinatu eta animatzeko parte hartu dagien ekimen interesgarri horretan eta 2016. urteko ekitaldiak prestetako.

Hori guztia, lankidetza giro ederrean eta gogoan harturik beti zahartze aktiboa bultzatzeko erak eta ekintzak bilatzea, gure Alkarteko estatutuetan esaten dan eran.
 

lunes, 8 de febrero de 2016

Durangaldeko Alkarteak Anboto astekarian




Otsailaren 5eko Anboto astekarian  erreportaje bat agertu da non deskribatzen diren Durangaldeko persona nagusien jarduerak eta jarrerak. 

Erreportaje horretan (irakurteko, egin klik hemen) alkarrizketatuta agertzen dira Edurne Agirre eta Jose Mari Macías, gure Alkartearen ordezkariak lez.

Hasi da 2016ko zine ziklo barria


Otsailaren 4an hasi zan  aurtengo antolatu dogun zine zikloa. Azken Batzar Nagusian Zuzendaritza Taldeak 2016. urterako aurkeztu eban lehenengoko ekintza da hori. 

Aldi honetan, zikloari hasiera emoteko “Casablanca” filmea aukeratu dogu. 1942ko pelikula  da, eta zinemaren historiako lan ospetsuenetako bat. 

Film horregaz estreinatu genduen gure proiekzio sistema barria, oso egokia suertatu zana gure lokalerako. 

Filma ikusi eben lagunek  esan eben une atsegina igaro ebela, batzuk lehendik ikusita euki arren bigarrenez gustora ikusten, beste batzuk ostera lehen aldiz ikusten.


Hurrengo emongo doguzan pelikulak be izan daitezala zuen gustukoak.

martes, 26 de enero de 2016

Alkarteko urteko Batzar Nagusia



Urtero lez, hilaren 24ko goizeko 11:00etan, gure Alkartearen Urteko Batzar Nagusia egin dogu Udal Probalekuan. 

Ekitaldian, agintariak agurtu eta hildako bazkideak gogoratu ondoren, aurreko Batzar Nagusiko akta irakurri eta onartu da, danen jakinean ipini dira Alkartea hobeto ibilarazteko Batzordeak hartu dituen erabagi garrantzitsuenak, urteko balantze ekonomikoa aurkeztu da, 2015eko ekitaldien laburpena egin da, eta 2016ko egitaraua aurkeztu da. 

 Ekitaldia amaitzeko, opari batzuk banandu dira batzarrera azaldu diren lagunen artean eta izki bat jan dogu. Aukera egon da, baita ere, San Trokaz Nagusien Alkarteak igaz egin dituen ekintzaen argazkiekin osatutako erakusketa bat ikusteko.