lunes, 24 de julio de 2017

Abadiño lagunkoia, gauzatzen ari dan ilusinoz beteriko proiektua



Abadiñoko nagusiak proiektu bat ari gara bultzatzen  gure herria bizileku atsegina izan daiten, herri lagunkoia bihurtzeko. Aurten hainbat bider alkartu gara eta erabagi dogu hile bakotxeko azken  eguaztenean batzar bat egingo dogula proiektuaren aurrerapenak ikusteko eta hurrengo pausoak erabagiteko.

Egunokin amaitu da proiektua ezagutzera emoteko lanen azken fasea. Inkesta bat banandu dogu jakiteko zer eritxi daukien abadiñarrek  gure herriko  alderdi batzuen ganean, eta laster jakingo doguz inkestaren emaitzak. 

Bestalde, Udalak  enpresa bat kontratatu dau  irailean hasiko dogun diagnostiko fasean guri laguntzeko.

Bizkaiko Aldundiak, bere aldetik, herrietako lagunkoitasuna hobetzen ari diren Bizkaiko 17 herrien zerrendan sartu dau Abadiño. Danak dagoz sartuta *Bizkaia, lurralde lagunkoia* izeneko proiektuan. Egiten ari garen lanak aitamena izan eban  uztailaren 13an, Unai Rementeria Aldun Nagusiak  Aldundian emon eban prentsaurrekoan.

Gauzak aurrera doaz zailtasun guztiak gorabehera, eta gure Alkarteak prest dago lanean jarraitzeko ekimen hori bultzatzen, danon onerako dalakoan.

Robotikako belaunaldi arteko bigarren tailerra


Ekainaren azken astean robotikako belaunaldi arteko bigarren tailerra egin dogu gure Egoitzako lokaletan.

Igaz bezala, aitita-amamak eta bilobak alkarregaz etortea izan da tailerrean parte hartzeko baldintza bakarra. Ez da eskatu gaiaz ezer jakitea, eta materialak San Trokaz Nagusien Elkarteak ipini ditu.


Lehen saioko asmoa izan zan mugikor bat egitea kartoizko gurpil, izozki zotz eta antzeko gauzakin. Trakzinoa puzgarri baten haizeak emoten eban. 

Hurrengo ariketa izan zan Scratch izeneko umeendako programazino hizkuntza batean lehen pausoak emotea. 

Behin hizkuntza horretan  programa erraz batzuk egiten ikasi onodren, hainbat gauza egin genduzan Lego piezekin. Gero, egindako gauza horiek ordenagailura konektatu genduzan eta  mugimendu batzuk eginazo geuntsezan geuk egindako programen bidez.

Amaitzeko, beste programazino hizkuntza bat erakutsi zan, Crumble izenekoa. Beragaz gauza izan ginen robot txiki bat programetako, lurrean marraztutako marra baten ganean atzera eta aurrera ibilten zana.

Tailerra atsegina izan da danentzat, eta aste osoan lokala barre zantzoz eta algaraz beteta egon da. Horrez gain, aukera egon zan zaharrak eta gazteak alkarregaz lanean aritzeko. Datorren urtean tailerra barriro egiteko asmoa daukagu.