lunes, 23 de octubre de 2017

Hasi da foku taldeen lana Abadiño lagunkoia programa barruan

Hilaren 25ean, 17:00etan, Matienako Errota Kultur Etxean, Abadiño lagunkoia proiektuan parte hartuko dabien  foku taldeen lehen batzarra egingo da.

Gogoratuko dozuenez, Abadiño Lagunkoia da Hiri Lagunkoiak proiektuari Abadiñon emon jakon izena. 60 urtetik gorako abadiñarrek bultzatu dabe  eta udalbatzako talde guztien oneritxia hartuta dago. 

Orain, asmoa da  hainbat ikuspegitik aztertzea Abadiño eta ikustea zenbateraino dan herri lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak proposatzen dituen alderdien ikuspegitik, Abadiño ere sartu daiten etorkizunean Munduko Hiri Lagunkoien sarean, une honetan sare horretan dagozan 500dik gora hiriekin batera.

Batzarrotan parte hartzeko  behar dan gauza bakarra da gogoa izatea asti apur bat eskeintzeko foku talde horietan parte hartzeko, eta euretara batzen diren ganerako lagun guztiekin hausnartzeko zer gurako zendukean izatea Abadiño, danok bertan gustora bizi gaitezen. Batzarrera datorren guztia ongi etorria izango da. Lehenengoko batzarreko aztergaiak izango dira kaleko espazioak eta  eraikin publikoak.