viernes, 22 de julio de 2016

Belaunaldi arteko robotikako tailerra


Gaur amaitu dogu San Trokaz Nagusien Elkarteko beste ekintza bat. Esperientzia barri bat izan da:  aitite-amamak eta lobak alkartu gara ordenagailu, bilatzaile, led eta antzeko gailu elektronikoen inguruan, eta danok batera jarri gara ikasten tresna horiek erabilten. Asmoa izan da erakustea posible  dala denpora ondo pasatzea alkarregaz, ikasten eta olgetan. Ikastaroan parte hartzeko ez da egon zertan ezer jakin, nahikoa izan da gogoa izatea.

Lehengo eta behin, web orri batean programazino grafikoaren oinarriak ikasi doguz; gero, Scratch hizkuntza landu dogu (umeendako diseinatutako programazino hizkuntza bat), eta egun batzuk emon doguz  jolasak diseinatzen eta programatzen. Gero, gailu kontrola jorratu dogu eta krokodilo bat diseinatu digu, agoan eskua sartu ezkero haginka egiten ebana. Lego eta Scratch erabilita egin dogu hori. 

Tailerra amaitzeko, beste tresna interesgarri bat landu dogu: Crumble txartela. Beragaz argi keinukari bat egin dogu eta  motor bat kontrolatu dogu giltz bategaz. 

Tailerraren gailurra  robot bat programatzen ikastea izan da. Programatu dogu zirkuitu baten marrari jarraitu deion, eta zinta baltzez mugatutako esparru batean zarratuta geratzeko.

Egunokin hain ondo ibili gara eta hainbeste ikasi dogu ze saiatuko gara gauza bera egiten datorren urtean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario